Uraren eta Saneamenduaren arloko El Salvadorreko, Costa Ricako eta Euskadiko teknikariak elkarlanean aritu dira

  • Euskadi, El Salvador eta Costa Ricako Uraren eta Saneamenduaren arloko erakundeen arteko programa triangeluar baten baitan.
  • Helburuetariko bat da horizontaltasunaren, adostasunaren, ekitatearen eta elkarrekiko onuraren printzipioetan oinarritzen den lankidetza teknikoa.

Uraren eta Saneamenduaren arloko erakundeen arteko Euskadi-Erdialdeko Amerika Programaren baitan aste honetan bildu dira El Salvadorreko, Costa Ricako eta Euskadiko teknikariak. Topaketa honen helburua da edateko ura tratatzeko planten kudeaketa eraginkorra izateko ezagutza bultzatzea eta gaitasun teknikoak sendotzea.

Bileretan eta bisitetan Erdialdeko Amerikatik parte hartu dute El Salvadorreko Administración Nacional de Acueductos y Alcantarillados-eko (ANDA) eta Costa Ricako Instituto Costarricense de Acueductos y Alcantarillados-eko (AYA) funtzionarioak eta Euskaditik, Uraren Euskal Agentziako (URA), Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoko, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko eta Aguas Municipales de Vitoria-ko (AMVISA) teknikariak eta funtzionarioak.

Programa 2018ko ekainean jarri zen martxan eta 2021ean bukatuko da. Orain arte 7 topaketa egin dituzte. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak, Bilboko Udalak eta EUSKAL FONDOA – Lankidetzarako Tokiko Euskal Erakundeen Elkarteak ere parte hartzen dute.

Ekimena aitzindaria da; izan ere, Euskadik, El Salvadorrek eta Costa Ricako esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzen lankidetzan jarduten dute, eta prestakuntza-ekintzak eta lankidetza teknikoa garatzen dituzte Era honetara sustatzen da horizontaltasunaren, adostasunaren, ekitatearen eta elkarrekiko onuraren printzipioetan oinarritzen den lankidetza teknikoa.

Ekimenaren helburuak

Ekimen honen helburua, Euskadiko Garapenerako Lankidetzaren Erakundeen arteko Batzordean sortu zen akordioarena, bikoitza da. Batetik, El Salvadorreko Anamorós eta Yucuaiquín udalerrietako uraren eta saneamenduaren giza eskubidea bermatzen lagundu nahi da; eta, bestetik, Costa Rican eta El Salvadorren uraren eta saneamenduaren zerbitzuen estaldura kudeatzeko eta hobetzeko gaitasunak sendotzea planteatzen da, lankidetza teknikoko modalitateen bitartez.

Lehen lan-ildoari dagokionez, nabarmendu behar da gaur egun El Salvadorreko Anamorós eta Yucuaiquín udalerrietako edateko uraren eta estolderiaren hiri-zerbitzuek ez dutela landa-eremua hartzen. Horrela, programa hau eta azpiegituretan inbertitzea dela-eta, Yucuaiquín udalerriko biztanleen erdia (2.300 pertsona) baino gehiagoren bizitza hobetzea aurreikusten da. Anamorós udalerrian, aldiz, espero da programak eragina izatea 1.700 pertsona baino gehiagoren eguneroko bizitzan.

Bigarren lan-ildoari dagokionez, programaren helburua da El Salvadorreko ANDA-ren eta Costa Ricako AyA-ren gaitasun teknikoa sendotzea, eta, horretarako, Erdialdeko Amerikako erakundeen eta Euskadiko uraren erakundeen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea.